XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Toulouse-ko Jesusen Anaitxoen erretirotik, Garona ibai ertzean, Jacques Maritain gaurkotasunaren lehenengo orrialdera eraiki da bere azken liburua dela bide: Paysan de la Garonne.

Bi illabete buruan, 4.000 ale salduak.

Arrapazka saldu ere.

Gertaera honek aspaldi luzean mutu zegoen filosofo xaharraren abotsak esnatu duen interesaren esanai izugarria agertzen digu.

Laiko xahar bat, dio obraren titulo txikiak, egungo aldiaz galdetzen da.

Izpirituaren testamentu eta alarma zantzu, liburu hau gizaldi erdiz gorako ausnar eta Egi serbitzuaren frutu eldua da.

Aldi berean, eta gogor antxean, lehengoa baiño makurrago den modernismo berri bat salatzen du, Maritain-ek gaurko aldiaren ezaugarrietan somatu bide duena.

Berebiziko oiartzuna izan du liburuak, batez ere Frantzi-ko aldizkari nagusienetan.

F. Biot-entzat, Maritain-ek katoliko munduan duen ospe ta izena eskatzen zuen, bere adiskideek ez zezaiotela utzi liburu hau argitaratzen, bestalde Maritain-en obra konsagratuari deus berririk ezarritzen ez diolarik.

Jean de Fabrégues-entzat, ostera, mundu guztiak irakurri behar luke obra hau, izpirituaren bazka eta animaren argi.

Beraz, saiatuko naiz gaurkoan liburu honen benetako esanaia sakontzen, XX-gn. mendeko fiura aundi baten azken arnasa delarik.

Maritain gizona.

Jacques Maritain, bere buruaz mintzo da, 1954-ean, bere Carnet des notes-en sarreran: Zer naiz ni neroni? Profesore bat? Ez dut uste.

Beharrak eraginda erakutsi dut.

Idazle bat? Baliteke.

Filosofu? Horrela espero dut.

Baiña, funtsean, justiziaren romantiku antzeko bat, batez ere....

Lurrari bere belarria ezartzen dioten ur-billatzailleen antzeko, iturri izkutuen otsa entzun eta izaki eziñikusiak billatzeko.

Eta, posibleki, baita ere, kristau guztien antzera, mundu-gizon billakatu den zerutar eskale bat, mixeri, auleri eta erantzun gaberiko ainbeste graziren erdian.

Hona emen Maritain-en eta berak pentsaera katolikoan eta europearren gainditutako obraren argazki egiati bat.